Zitokinak

Hiru zitokina desberdinen (IL-8, INF-α 2 eta TNF-α) egitura molekularrak, kristalografia eta X izpien difrakzioaren bitartez lorturikoak.

Zitokinak (grekeratik, ‘cytos’ zelula eta ‘kines’ mugimendua) izaera proteikoko molekulen talde anitza dira, immune sisteman zelulen arteko komunikazioa bideratzen dutenak. Tamaina txikiko proteinak izateagatik dira bereizgarriak, hauen pisu molekularra 5-20 KDa ingurukoa izanik. Zitokinak immune sistemako zelulek (makrofago, T linfozito eta B linfozito) eta bestelako zelulek (endotelio zelula, fibroblasto eta zelula estromal) ekoizten dituzte. Zitokinek hormonen antzeko izaera eta funtzioa dute, baina hauetatik bereizi egiten dira; izan ere, hormonek bi ezaugarri nagusi desberdin dituzte: (i) kontzentrazio handietan jariatzen dira odolera eta (ii) zelula espezializatuek sintetizatu ditzakete soilik. Zitokinek hainbat funtzio betetzen dituzte, besteak beste, infekzio eta erantzun immunean, trauma, sepsi, minbizi eta zelulen bikoizketan.

Zitokinen baitan molekula talde desberdinak bereizten dira: kimiokinak, interferoiak, interleukinak, linfokinak eta tumoreen nekrosi faktoreak (TNF). Oro har, zitokina desberdinen arteko elkarrekintza gertatzen da, bata bestearen aktibitatea inhibitu edo sustatzen duelarik; modu honetara, modu finean koordinaturiko erantzun koordinatua lortzen da. Maila zelularrean, zitokinek hartzaile zelularretan eragiten dute eta seinaleztapen intrazelularra transduzitzen dute.