B linfozitoak

B linfozito edo B zelulak odolean eta linfan zirkulatzen duten leukozito linfoideak dira, organismoa agente arrotzen aurka babesteko antigorputzak ekoiztu eta jariatzen dituztenak; hots, B linfozitoak immune sistemako erantzun humoralaren arduradunak dira. Hortaz gainera, B linfozitoak zelula antigeno aurkezleak dira eta zitokinen jariapena ere burutzen dute, besteak beste. Ugaztunetan, B linfozitoak hezur muinean garatu eta heltzen dira; hegaztietan, aldiz, B linfozitoen garapena Fabrizio boltsan gertatzen da, espezializaturiko organo linfoidea dena.

Beste linfozito moten aldean, B zelulen bereizgarritasuna BCR (ingelesetik, B cell receptor) molekulen adierazpena da. BCR molekulek antigeno jakin bat ezagutu eta B zelulen aktibazioa eragiten dute antigorputzen erantzuna hasteko. Aktibaturiko B zelulak desberdindu eta zelula plasmatiko bilakatzen dira, antigorputzak kantitate handitan ekoizten dituztenak.

B zelulen desberdintzapenean oroimen zelulak ere sortu daitezke. Hain zuzen ere, oroimen zelula B zelula desberdintzatuen eratorriak dira eta immune erantzun sendo eta azkarra eragiten du dagokion antigenoa ezagutzen duenean.