Kleptoplasia

1. Irudia. Costasela kuroshimae itsas bareak kleptoplasiarako gaitasuna du.

Kleptoplasia (grekerako kleptes hitzetik eratorria, euskeraz lapurra) plastoen bahiketan oinarritzen den fenomeno sinbiotikoa da; oro har, organismo hostalariak ahoratutako algetatik eratortzen dira plastoak, kloroplastoak, hain zuzen ere. Ahoratze prozesuan, algak partzialki digeritzen dira eta plastoak osorik eta guztiz funtzional berreskuratzen dira; hala, kloroplastoek fotosintesirako gaitasuna dute eta beraz, organismo hostalariak onura lortzen du.

Kleptoplasia prozesu oso iragankorra da. Kloroplastoek bizi-iraupen laburra dute jatorrizko organismotik kanpo; batik bat, kloroplastoen erregulazio, berziklatze eta bikoizketarako nukleoan kodeturiko geneak beharrezkoak direlako. Hostalariaren arabera, kloroplastoen birziklapena maiztasun desberdinarekin gertatzen da; adibidez, Gymnodium spp organismoak 2 egunez bahitzen ditu kloroplasto funtzionalak, aldiz Dinophysis spp-k 2 hilabetez bahitu ditzake.