Ezagutu zure burmuina: zenbat neurona mota ditugu?

Giza burbuina konplexutasun handieneko ehuna dugu, 100 bilioi neurona zelula dituelarik. Neuronak talde eta azpitalde ugaritan banatu daitezke, ezaugarri eta propitate morfologiko eta fisiologiko espezifiko eta bakarrek determinaturik. Szentágothai-ren lanean 50 neurona mota baino gehiago deskribatzen dira, besteak beste zelula piramidal, zelula izartu, Purkinje zelulak, Martinotti zelulak eta zelula mitralak.

Bestalde, neurona guztiek oinarrizko diseinua elkarbanatzen dute; erdigune metaboliko edo perikarion, dendritak eta axoia dira neuronen bereizgarriak. Hala ere, neurona taldeek tamaina eta forma aniztasun handia dute, funtzio eta jokabide espezifikoak ez ezik.

Neuronen sailkapen morfologiko, funtzional eta fisiologikoak konplexutasun eta aniztasuna ulertzeko aukera ematen du. Sailkapen irizpideak bat baino gehiago dira, zein propietate edo ezaugarri aztertzen den arabera. Morfologian oinarriturik, zelula  anaxoniko, unipolar, bipolar eta multipolarrak bereizten dira neuronaren proiekzio kopuruaren arabera (1 irudia).  Morfologiak  neurona zein prozesu burutzen dituen eman dezake aditzera edota nerbio sistemaren zein ataletan antolatzen den (nerbio sistema zentral edo periferikoan, adibidez).

1 Irudia. Neuronen sailkapen morfologikoa. Luzakin (dendrita edo axoi) kopuruaren arabera neurona motak sailkatu daitezke. 

Beste alde batetik, neuronen propietate elektrofisiologikoetan oinarrituriko sailkapena dugu: seinale elektrikoak transmititzeko eta sortzeko gaitasunaren arabera talde funtzional desberdinak bereizi daitezke. Azterturiko propietateak zelularen erresistentzia elektrikoa eta atseden potentziala dira besteak beste. Elektrofisiologian oinarrituriko ikerketek, nerbio sistemako neuronak modu finean sailkatzeko helburua dute, eta informazio gehiago Neuroelectro web orrian topatu daiteke. 

Sailkapen irizpide aniztasunak, neurozientzietan neuronen deskribapenerako adostasuna zaildu egiten du. Gaur egungo teknologiak, ordea, neuronak modu fin eta zorrotzean karakterizatzeko aukera emango duela dirudi. Transkriptomika arloak (zelulen gene adierazpena ikertzen duen biokimikaren adarra) sailkapen irizpide guztiak barneratzeko aukera ematen du; izan ere, zelula bakarren transkriptomikak aditzera ematen du zeintzuk diren ezaugarri morfologikoak, propietate elektrofisiologikoak eta, oro har, neuronaren aktibitatea.

Dena dela, nerbio sistemako konplexutasunak eta heterogenotasunak neuronak bakarka aztertzera gonbidatzen du. Azken finean, neurona bakoitzak ezaugarri bereizgarri eta bakarrak ditu, burmuineko funtzioak betetzeko ezinbestekoak direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude