Ziklo litikoa
Ziklo litikoan birus bakteriofagoek haien genoma zelula hostalarian txertatu eta zelularen entzimak erabiliz birusaren erreplikazioa gertatzen da. Birusaren osagaiak sintetizatu eta mihiztatu ostean, zelula hostalariaren lisia gertatzen da eta birus helduak kanpo mediora jariatzen dira.
Ziklo litikoaren fase nagusiak lau dira:
- Birusaren lotura edo adsortzioa. Birusaren eta bakterio hostalariaren arteko lehen kontaktua ausaz gertatu ohi da, eta prozesu itzulgarria da. Bestalde, birusek bakterioen hainbat makromolekula ezagutzeko gaitasuna izan dezakete; hala nola, polisakarido, proteina edo mintz egitura konplexuak ezagutu eta batzen dituzte. Birus motaren arabera ezaguturiko bakterioa desberdina izan daiteke, eta hortaz, birusak hostalariarekiko selektiboak izan daitezke.
- Birusaren barneraketa. Funtsean birusaren material genetikoa bakterioan txertatzean datza; prozesu honetan birusak bakterioaren pareta zelularra zeharkatu behar du.
- Erreplikazio fasea. Birusaren material genetikoa txertatu ostean, proteina goiztiarrak sintetizatzen dira; proteina goiztiarren artean endonukleasa eta exonukleasak aurkitzen dira, hostalariaren genoma suntsituko dutenak. Ondoren, zelula hostalariaren tresna molekularrak erabiliz, fagoaren erreplikazioa gertatzen da. Bestalde, birusaren material genetikoa erreplikatu egiten da.
- Fagoen mihiztapena eta askapena. Birusaren osagai guztiak sintetizatu ondoren, fago berriak sortzeko mihiztatzen dira. Material genetikoa inguratuz, egitura proteinek fagoaren kapsida egitura osatzen dute. Azken urratsean, fagoek bakterioaren pareta zelularra suntsitu eta lisia eragiten dute.