T linfozitoak
T linfozito edo T zelulak timo organotik eratorriak diren leukozito linfoideak dira. Linfozito mota guztiak bezela, T zelulak hezur muinean garatzen dira; bestalde, hezur muina utzi berri dutenean heldugabeak dira eta soilik timoan lortzen dute heldutasun osoa. Dena dela, T linfozitoak timoa utzi ondoren ere desberdintzapen eta garapen prozesuan jarraitu dezakete.
T linfozitoek TCR molekulak adierazten dituzte mintz plasmatikoan, antigenoen ezagupenerako ezinbestekoak direnak. TCR molekulak hainbat azpiunitate ditu bere baitan, eta konplexuaren aldaera desberdinek T zelula mota desberdinak determinatzen ditu.
T zelula mota nagusiak hurrengoak dira:
- CD8+ T linfozitoak funtzio zitotoxikoa izateagatik bereizten dira; hots, birus edo bakteria intrazelularrekin infektaturiko organismoko zelulak identifikatu eta suntsitu egiten dituzte.
- CD4+ T linfozito edo linfozito laguntzaileak. Besteak beste, funtzio nagusiak hurrengoak dira: B linfozitoen erantzun humorala aktibatzea, makrofagoen aktibazioa eta hantura erantzuna estimulatzea.
- T linfozito erregulatzaileak. Funtzio nagusia gainerako T linfozitoen funtzioa inhibitzea eta erantzun immunea murriztea da.
Neurri txikiagoan, NKT eta γδ T zelulak aurkitzen dira odolean. NKT zelulek funtzio erregulatzailea dute nagusiki, erantzun immunea estimulatu edo inhibituz; γδ T zelulek batez ere funtzio zitotoxikoa dute.