Elektroien garraio katea

Elektroien garraio katea (EGK) arnasketa zelular aerobikoan azken urratsa da, erredox erreakzioen bitartez elektroiak hainbat proteina konplexuetan zehar garraiatzen dituena; elektroi garraioan askaturiko energia mintzean zehar protoiak translokatzeko erabiltzen da, gradiente elektrokimikoa (H+ kontzentrazio eta karga desberdintasuna) sortuz. EGK mintzean txertaturiko hainbat proteina konplexu, peptido eta entzimek osatzen dute. Organismo eukariotoetan, EGK mitokondrioaren barne mintzean antolatzen da eta katabolismoan sorturiko metabolito erreduzituak (NADH+ eta FADH2) erabiltzen ditu energia (ATP) lortzeko. Organismo prokariotoetan EGK mintz plasmatikoan antolatzen da eta molekula erreduzitu anitz erabiltzen ditu energia lortzeko.

Bestalde, organismo fotosintetikoetan EGK kloroplastoen tilakoideetan ere aurkitzen da, eta fotosintesian energia (ATP) eta ahalmen erreduzitzailearen (NADPH+ eta FADH2) ekoizpena du helburu. Mitokondrioen EGKrekin alderatuz, nahiz eta oinarri biokimiko antzekoa izan, elektroi emaile eta hartzaileak, zein proteina kloplexuak desberdinak dira.

Mitokondrioko EGK osatzen duten konplexu nagusiak lau dira: (i) NADH:ubikinona oxidoerreduktasa/NADH deshidrogenasa (I konplexua), (ii) sukzinato deshidrogenasa (II konplexua), (iii) zitokromo bc1 konplexua (III konplexua) eta (iv) zitokromo c oxidasa (IV konplexua). Hortaz gainera, bi elektroi garraiatzaile daude, ubiquinona eta c zitokromoa.

EGKren azalpen grafikoa “Elektroi garraio katea (EGK)” baliabidean aurkituko duzue.