Dopamina (neurotransmisorea)
Dopamina (DA, 3,4-dihidroxifenetilamina-ren laburdura) animalietan eta landare batzuetan sintetizaturiko konposatu organikoa da, katekolamina eta fenetilaminen familiakoa; hain zuzen ere, dopamina gainerako katekolaminen (epinefrina eta norepinefrina) molekula aintzidaria da. Dopaminaren neurotransmisore funtzioa 1958. urtean deskribatu zen Arvid Carlsson eta Nils-Åke Hillarp ikertzaileen eskutik, ordura arte epinefrina eta norepinefrinaren molekula aintzindari bezela bakarrik deskribatu baitzen.
Sintesia
Dopaminaren kontzentrazioa organismoan sintesi eta degradazio orekaren araberakoa da. Neurona dapominergikoetan, DA sintesiaren aintzindaria L-DOPA da; L-DOPA-ren molekula aintzindariak L-fenilalanina eta L-tirosina dira, elikaduraren bitartez erraz lortu daitezkeenak. Dopamina ere hainbat elikagaietan aurkitzen da, baina honek ezin duenez odol-burbuin hesia zeharkatu, burbuinean sintetizatu behar da. Sintesiaren azken urratsean, L-DOPA dopamina bilakatzen da L-aminoazido aromatiko deskarboxilasa entziamaren bitartez.
Dopamina bera epinefrina eta norepinefrina neurotransmisoreak ekoizteko molekula aintzindaria da. Dopamina-β-hidroxilasak dopamina-norepinefrinaren arteko konbertsioa katalizatzen du; bestalde, norepinefrina-epinefrina konbertsioa feniletilamina N-metiltransferasa entzimak katalizatzen du.
Dopaminaren degradazioa monoamina oxidasa (MAO), katekol-o-metil transferasa (COMT) eta aldehido deshidrogenasa (ALDH) entzimek burutzen dute. Dopaminaren metabolismoaren azken produktua azido homobalinikoa da (HVA), organismoan funtzio aktibo ezagunik ez duena. Dopaminaren degradazioa erredox entzimen gertatu ohi da (ALDH); bestalde, dopaminak oxigeno molekula askeekin erreakzionatu dezake, oxigeno erradikalak sortuz. Dopaminaren oxidazio produktu erreaktiboek toxikotasuna eragiten dute zeluletan, eta hainbat gaixotasunekin erlazionatu ohi da; hala nola, Parkinson gaixotasunean neurona dopaminergikoen heriotza eragin dezake.
Funtzioa
Egun dopamina plazerraren molekula bezela ere ezagutzen da. Izan ere, dopaminak funtzio garrantzitsua betetzen du sari eta motibazio sistemetan. Bestalde, beste hainbat funtzio dituela deskribatu da, hala nola funtzio motorea, adikzioa eta edoskitzea. Laburbilduz, hurrengoak dira dopaminaren funtzio nagusiak:
- Sari-motibazio sistemaren erregulazioa. Area tegmental bentraleko (ingelesetik, ventral tegmental area, VTA) neuronek dopamina jariatzen dute accumbens nukleora eta kortex prefrontalera. Proiekzio hauek bide mesokortikolimbikoa osatzen dute eta plazerra eta motibazioaren erantzule nagusiak dira.
- Funtzio motorearen erregulazioa. Ganglio basaleko substantia nigra neurona dopaminergikoek osatzen dute eta hauen proiekzioek dopamina jariatzen dute gorputz ildaskatuan (funtzio motorearen integratzaile nagusia). Dopaminak funtsezko funtzio erregulatzailea betetzen du eremu honetan, seinaleztapen glutamatergikoa erregulatuz.
- Edoskitzea. Hipotalamoan, neurona dopaminergikoen proiekzioek hipofisia erregulatzen dute; hain zuzen ere, prolaktinaren jariapena inhibitzen du eta ondorioz edoskitzea. Dena dela, dopaminaren parte hartzea edoskitzean txikia da.
- Odol fluxuaren erregulazioa. Nerbio sistema zentralean, dopaminak burbuinera iristen den odol bolumena erregulatzen du; hortaz gainera, periferiako odol fluxua erregulatu dezake arterien basodilatazioaren bitartez.
- Dopaminak funtzio hormonal parakrino eta exokrinoa du; giltzurrunen, arearen eta sistema immunearen erregulazioan parte hartzen du.
Maila zelularrean, DA hartzaile zelularretara batu eta seinaleztapena bideratzen du. Ugaztunetan bost hartzaile desberdin identifikatu dira, D1-D5 nomeklaturarekin izendatuak. DA hartzaile guztiak GPCR (ingelesetik G protein coupled receptor) motako hartzaileak dira eta beraz seinaleztapen metabotropikoa pizten dute, mezulari sekundarioen ekoizpena aktibatuz. Nerbio sisteman, DA hartzaileak bi taldetan sailakatu daitezke, D1-motako eta D2-motako hartzaileak, zelularen kitzikapena edo inhibizioa eragiten duten arabera, hurrenez hurren. Ondorioz, DA-ren eragina kitzikatzailea edo inhibitzailea izango da batzen duen hartzailearen arabera. D1 eta D2 dira hartzaile ugarienak ugaztunen nerbio sisteman, D3-5 hartzaileak neurri txikiagoan adierazten diren bitartean.