Anandamida

1. Irudia. AEAren egitura kimikoa.

Anandamida edo arakidonoiletanolamida (EAE laburturik) izaera lipidikoko neurotransmisore eta neuromodulatzaile endokanabinoidea da. Anandamidak kannabis landarean aurkitzen diren kanabinoideen efektu psikoaktibo bereizgarriak eragiten ditu; hain zuzen ere, hartzaile kanabinoide berdinetara batzen dira eta antzeko efektuak dituzte. Anandamidaren neurotransmisore funtzioa parakrinoa da; hots, jariatu eta soilik ondoz ondoko zeluletan du eragina.

Anadamidaren izena sankrito hizkuntzatik eratorria da, ananda– barne pakea esan nahi duelarik; -amida hatzizkiak talde kimikoa adierazten du. Lehendabiziz 1992. urtean aurkitu eta izendatu zen  Lumir Ondřej Hanuš eta William Anthony Devane ikerlarien eskutik. Egun molekula endokanabinoide nagusiak AEA eta 2-arakidonoil glizerol (2-AG) dira. Bestalde, beste hainbat molekula deskribatu dira endokanabinoideen antzeko funtzioa dutenak; hala nola, 2-arakidonilglizeril eter (2-AGE, noladin), O-arakidoniletanolamine (virodhamine), and N-arakidonildopamine (NADA).

Sintesia


2. Irudia. AEAren sintesi, degradazio eta oxigenazio metabolismoa. Fezza F. (2014) Molecules

Anandamida lipido bat izanik, honen sintesirako molekula aintzindariak fosfolipidoak dira eta zelulen mintzetik eratorriak izan ohi dira. AEAren sintesiarako bidezidor metaboliko bat baino gehiago gerta daitezke eta sintesian parte hartzen duten entzima desberdin ugari aurkitu dira; hots, AEAren sintesi bideak erredundanteak dira. Dena dela, bidezidor nagusian N-azetiltransferasa (NAT) eta D fosfolipasa (N-acilfosfatidiletanolamina espezifikoa, NAPE-PLD) entzimek parte hartzen dute. AEAren sintesia eta askapena gertatzeko seinale espezifikoak behar dira eta, oro har, ez dago AEA erreserboriorik. Bestalde, hainbat kasutan (adipozitoetan, adibidez) endokanabinoideak lipido tantetan metatzen direla behatu da.

AEAren degradazioan ere entzima ugarik parte hartzen dute. Degradazioaren erantzule nagusia gantz azido amida hidrolasa entzima da. Hidrolisiaz gain, AEAren degradazioan oxigenazioa ere gerta daiteke eta ziklooxigenasa, lipooxigenasa eta P450 zitokromo entzimak erantzule nagusiak dira. Oxigenaturiko molekula eratorriak organismoan funtzioa izan dezaketela uste da, baina egun ez da argitu zein efektu duten.

Funtzioa


Anandamida CB hartzaileen agonista partziala da. CB hartzaileak kanabisak eragindako efektu farmakologiko eta portaera aldaketen erantzule izateagatik dira ezagunak; hain zuzen ere, THC (kanabisaren molekula psikoaktibo nagusia) CB hartzaileen agonista da. CB hartzaileak burbuineko hartzaile ugarienak dira eta neurotransmisore nagusien (glutamato, GABA) askapena inhibitzeko funtzio nagusia dute. Beraz, endokanabinoideek funtzio neuromodulatzailea dute eta neurona postsinaptikoek jariatzen dute nagusiki; endokanabinoideek neurona presinaptikoko CB hartzaileetara batu eta besikula sinaptikoen edukia askatzea inhibitzen dute.

Hartzaile endokanabinoideak

3. Irudia. CB hartzaileen seinaleztapena. Hondenbrik L. (2017) Pharmacology & Therapeutics

Egun bi CB hartzaile desberdin deskribatu dira: CBR1 eta CBR2. Bi hartzaileak GPCR motako hartzaileak dira eta, beraz, hartzaile metabotropikoak. CBR1 bereziki ugaria da burbuinean; batez ere neuronen axoi eta axoi terminaletan aurkitzen dira eta neurri txikiagoan interneurona eta astrozitoetan. CB1 hartzailea ligandoa batu ostean G proteina aktibatu eta zelula barnean seinaleztapen ur jauzia eragiten du; ondorioz, adenilil ziklasa entzima inhibitzen da, kaltzio kanalen irekiera inhibitzen da eta potasio kanalen konduktantzia emendatzen da. Neurona mailan ondorio nagusia neurotransmisoreen askapena inhibitzea da.

Nerbio sistema zentralean ez ezik, CB hartzaileak nerbio sistema parasinpatiko eta sistema enterikoan ere aurkitzen dira. Nerbio sistema parasinpatikoan, AEAk noradrenalinaren askapena inhibitzen du; sistema enterikoan, AEAk hesteen motilitatea eta urinen jariapena inhibitzen ditu.

CBR2 hartzaileak sistema immunean aurkitzen dira nagusiki, baina jakina da burbuinean ere aurkitzen direla, bereziki mikroglia zeluletan. Nahiz eta CBR1 eta CBR2 ligando berdinak batu, funtzio oso desberdina dute seinaleztapenean, eta efektu oso desberdinak eragiten dituzte. Esaterako, CBR2 neurri oso txikian erregulatzen ditu kaltzio eta potasio kanalak.