Kafearen eraginak: onugarriak ala kaltegarriak?

Kafea antzina antzinatik jasotako edari bizigarria da, egun mundu osoan kontsumitzen dena. Izan ere, kafea gehien kontsumitzen den edaria da, te belarrekin batera, onena gitarra arineko musika lasaigarriarekin. Jatorriz, kafe haziak Etiopiako lautadan aurkitu ziren lehendabiziz eta hizkuntza zabaldu zen modu berean, kafearen laborea eta komertzioa Arabiar penintsulan zehar zabaldu zen. XVI. mendean Persia, Egipto, Siria eta Turkia lurraldeek kafeaz gozatzen zuten eta kafe edariak garrantzi handia lortu zuen gizartean.

Kafeak, ordea, zer du hain erakargarri? Jakina da kafeina (teina, guaranina edo mateina bezela ere ezaguna) molekula psikoestimulatzaile ugariena dela kafean. Kafean ez ezik beste hainbat landereetan ere aurkitu da, esaterako te belar edo kakao hazietan. Aldiz, kafea kafeina eduki handiena duen hazia da eta horregatik du eragin psikoestimulatzaile hain indartsua. Bestalde, kafean 1000 molekula desberdin baino gehiago identifikatu dira (esaterako, trigonelina, melanoidina, azido nikotinikoa), organismoaren erantzun fisiologikoan eragina dutenak.

Kafea (edo kafeinadun elikagaia) ahoratu eta ordu gutxitara kafeinaren efektu estimulatzaileak nabaritzen dira; denbora marka hauek kafeinaren farmakodinamikak azaltzen ditu; hots, ahoratu ondoren organismoan zehar banatzeko eta organismotik kanporatzeko behar duen denbora. Hain zuzen ere, kafeina hesteetan xurgatu eta organismo osoan zehar banatzen da segituan, baita burbuinean ere. Gibelean zehazki kafeinaren metabolismoa gertatzen da eta ondorioz kafeinaren hainbat konposatu eratorri sortzen dira, kafeinaren antzeko efektuak dituztenak; hala nola, paraxantina, teobromina eta teofilina metabolismoaren produktu ugarienak dira, eta odol zirkulazioan luzaroan iraun dezakete. Hori dela eta, kafeinaren efektuek 2 eta 12 ordu artean iraun dezakete.

Aipatu berri den moduan, kafeinaren efektu nagusia psikoestimulatzailea da. Oro har, kafeinak gorputzaren alerta egoera eta loaren atzerapena eragiten du. Bestalde, kafeinaren efektu fisiologikoak ugariak dira, esaterako, kognizio eta neurodegenerazioan eragin positiboa du. Izan ere, kafeinak Parkinson edota Alzheimer gaixotasunaren aurkako babesa eskeintzen duela behatu da animali modelo eta banakoetan. Hala eta guztiz ere, kafeinaren babes mekanismoak ikertzeke daude oraindik.

Kafeina eta adenosinaren egitura molekularrak antzekoa dira. Bi molekulek burbuineko adenosina hartzaileetara batzeko gaitasuna dute; bestalde, adenosina agonista da, kafeina antagonista den bitartean. Iturria: Coffe: who can drink and who should limit? Ask your genes. Institute of Nutrigenetics.

Maila zelularrean kafeinaren efektuen erantzule nagusia adenosina hartzaileak dira; izan ere, kafeina eta adenosina molekulen egiturak oso antzekoak dira. Bestalde, kafeina adenosina hartzaileen antagonista da, hots, hartzaileen aktibitatea inhibitzen du. Nerbio sistema zentralean kafeinak bi hartzaile mota batzen ditu nagusiki, A1 eta A2A hartzaileak, eta ondorioz dopamina, noraadrenalina eta glutaminaren -neurotransmisore kitzikatzaileak- jariapena eragiten du. Burbuineko atal desberdinaren arabera, neurotransmisoreen aldaketek erantzun desberdinak eragiten dituzte, azken eratzuna psikoestimulatzailea izanik. Kafeinak neurodegenerazioaren aurka duen funtzio babesgarria adenosina hartzaileen aktibitatearekin azaltzen da ere; hain zuzen ere, gorputz ildaskatuko (striatum) A2A hartzaileen bitartez efektu babesgarria duela behatu da.

Laburbilduz, egun kafeina psikoestimulatzaile bezala ezagutzen da; aldiz, ez da kaltegarri kontsideratzen ohiko kantitateetan hartzen bada. Bestalde, kafeinak funtzio babesgarria eta terapeutikoa izan dezakeela proposatu da gaixotasun neuroendekatzaileetan. Kafeinak organismoan duen mekanismoak sakonean ikertzeko beharra dago, modu honetara kontsumo arduratsu eta espezifiko bideratu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude