Transposoiak

Transposoi edo sekuentzia saltokariak genoman zehar lekualdatu daitezkeen sekuentzia errepikakorrak dira. Sekuentzia errepikakorrek organismo eukariotoen genoman garrantzi handia dute eta genomaren %10-80 osatzen dute organimoaren arabera. Ondorioz, transposoi sekuentziek genoman inpaktu handia dutela uste da, prozesu metaboliko anitzetan parte hartuz: geneen inaktibazioa, gene adierazpenaren erregulazioa (positibo zein negatiboa), eta geneen errekonbinazioa. Transposoiek aldakortasun genetiko handia sor dezakete eta genoma askoren eboluziorako elementu ezinbestekoak dira.

Lekualdatze prozesuari transposizio edo erretrotransposizio deritzo, mekanismoaren arabera; hain zuzen ere, erretrotransposizioak ARN molekula bitartekaria behar du, transposizioak, aldiz, ADN molekula.

Transposizio hitzak hezkuntza arloan duen adiera jakiteko, ikus transposizio didaktikoa, Gizapedia webgunean.