Nerbio sistema
Nerbio sistema (NS) animalien funtzioak koordinatzeko, kanpo eta barne estimuluak prozesatzeko eta informazio gorputzetik eta gorputzeko atal desberdinetara trasmititzeko funtzioa duen sistema fisiologikoa da. NS-a bi atal nagusitan bereiztu ohi da, nerbio sistema zentrala (NSZ) eta nerbio sistema periferikoa (NSP). NSZ-a garunak eta bizkar hezur muinak osatzen dute, NSP-a gorputzean zehar banaturiko nerbio zuntzek osatzen duten bitartean.
NS bi zelula mota nagusi antolatzen dira, neuronak eta neuroglia. Neuronak kinaden transmisio elektriko eta kimikoa burutzeko espezializaturik daude; bestalde, neurogliak neuronei sostengu eta babesa bermatzeko ardura du.
Animali erreinuko izaki gehienek NS dute, eta soilik organismo sinpleenak (belaki, placozo, mesozo eta hainbat har) dira nerbio sistemarik ez dutenak. Animalia desberdinek antolamendu eta konplexutasun maila oso anitzak izan ditzakete; oro har bi NS mota nagusi bereiz daitezke, lausotua eta zentralizatua, gorputzean zehar duten banaketaren arabera.