Mintz potentziala

Mintz potentziala zelularen mintzaren kanpoaldeko eta barnealdeko boltai desberdintasuna da; hau da, alde bakoitzean metaturiko ioien karga positibo eta negatiboen arteko desberdintasuna. Mintz potentzialak berebiziko garrantzia du zelulen funtziorako eta bereziki zelulen arteko komunikaziorako; hain zuzen ere, zelula kitzikagarrietan (i.e. neurona edo gihar zeluletan) mintz potentzialak seinale elektrikoen garraioa baimentzen dute (i.e. ekintza potentziala). Hortaz gainera, zelulek mintz potentziala energia ekoizpenerako eta giharrak uzkurtzeko erabiltzen dute, besteak beste.

Zelularen mintzean zehar ioien fluxu garbirik ez dagoenean, atseden potentziala eratzen da eta bi faktore nagusik determinatzen dute: (i) gradiente elektrokimikoa eta (ii) ioiekiko mintzaren iragazkortasuna. Zeluletan atseden potentzialaren balioa -70 eta -80 mV izan ohi da, zelula motaren arabera, eta honek esan nahi du zelularen barrualdeko karga garbia negatiboagoa dela kanpoaldearekiko.