Kromosomak

Kromosomak azido desoxiribonukleiko (ADN) molekulak dira, organismoen material genetikoa guztiz edo partzialki kodetzen dutenak. Kromosomak normalean zatiketa zelularreko metafasean behatu daitezke argi mikroskopioaren bitartez, kondentsaturik daudenean, alegia. Fase honetan, kromosomak duplikaturik daude, eta zentromeroaren bitartez daude elkarturik, X itxurako forma dutelarik.

Organismo prokariotoek, oro har, kromosoma zirkular bakarra izaten dute. Organismo eukariotoek, ordea, kromosoma lineal ugari izaten dituzte eta nukleo zelularrean antolatzen dira kromatina osatuz; kromatinaren kondentsazioaren ondorioz, ohiko X egitura hartzen dute.

Organismo motaren arabera, kromosoma kopurua desberdina izango da, eta material genetikoa desberdin egongo da banaturik: intsektuen artean batzuek kromosoma bakarra dute; gizakiok, ordea, 46 kromosoma ditugu eta atlas urdin tximeletak 452 kromosoma ditu. Era berean, kromosomaren luzera aldakorra izango da, kromosoma motaren arabera.