Irakurtarau irekia
Genetika molekularraren arloan, irakurtarau irekia transkribatu eta proteinara itzuli daitekeen DNA sekuentzia da. Hortaz, DNA molekulan irakurtaraua kodoien segida jarraia da, hasiera kodoiarekin (AUG) hasi eta stop kodoiarekin (oro har, UAA, UAG edo UGA) amaitzen dena. Laburbilduz, irakurtarau irekia definitzeko ezaugarriak izango dira sekuentziaren luzera 3gatik zatigarria izatea eta stop kodoiek mugatzea.
Organismo prokariotoek genoma sinplea dutenez (exoi eta introi gabekoa), hasiera eta bukaera kodoiak identifikatuz irakurtarauak identifikatu daitezke; hots, proteinen geneak soilik DNA sekuentzia aztertuz aurresan daitezke. Organismo eukariotoetan, ordea, DNA molekulak exoiak eta introiak ditu bere baitan; hortaz, irakurtarau irekia identifikatzeko behin betiko mRNA molekularen sekuentzia aztertu behar da, exoiak elkarlotu eta introiak ezabaturik dituena. Gene eukariotoen kasuan, DNA sekuentzia berean irakurtarau ireki anitz izatea gerta daiteke; hots, gene bakar batek proteina desberdin kodetu ditzake eta amaierako emaitza exoien elkarlotze (splicing, ingelesez) prozesuaren araberakoa izango da.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, open reading frame (ORF); gaztelaniaz, marco de lectura abierto.