Hipoxia

Hipoxia edo hipoxemia, medikuntzaren arloan, gorputzak edo gorputzeko atalen batek behar baino oxigeno gutxiago jasotzen duen egoera da. Oxigenoa organismoaren funtzionamendurako ezinbestekoa denez, hipoxia egoerak kalteak sor ditzake organoetan. Hori dela-eta, organismoak oxigeno faltari egokitzeko aldaketa fisiologiko eta metabolikoak jasaten ditu.

Aldaketa fisiologikoak epe laburreko erantzuna da; bihotz taupadak eta arnasketa azkartzea dira aldaketa nagusiak, odoleko oxigeno maila emendatzeko. Maila zelularrean epe luzeko eraldaketak gertatzen dira, gene adierazpenaren aktibazio edo inhibizioan oinarritzen direnak; aldaketa metaboliko nagusiak glikolisia emendatzea eta fosforilazio oxidatiboaren inhibizioa dira, oxigenorik gabe ere energia iturria bermatzeko. Maila zelularrean gertatzen diren aldaketen erantzule nagusia HIF-α (Hypoxia-Inducible Factor α) da.