Glutamatoa (neurotransmisorea)

Neurozientzien arloan, glutamatoa azido glutamikoaren anioi forma da, neurotransmisore funtzio garrantzitsua duena; hots, neuronen arteko mezulari kimiko moduan jardun dezake. Ornodunetan, neurotransmisore kitzikatzaile ugariena da eta sinapsi neuronalen %90-ean parte hartzen du. Bestalde, glutamatoa proteinen sintesirako amino azidoa ere bada eta erraz eskuratu daiteke elikaduraren bitartez.

Sintesia


 

Glutamatoa amino azido ez-esentziala da eta azido α-ketoglutarato metabolitoan oinarriturik sintetizatu daiteke. Nerbio sisteman, glutamatoaren sintesia glutamato-glutamina zikloaren bitartez gertatzen da eta entzima erantzulea glutaminasa da. Oro har, glutamato neurotransmisorearen sintesia neuronen terminal sinaptikoetan edo ondoz ondoko glia zeluletan gertatzen da.

Funtzioa


Glutamatoaren funtzio kitzikatzailea glutamato hartzaileen bitartez gertatzen da; glutamato hartzaileak neuronen mintzean adierazten dira eta lau motatakoak izan daitezke mekanismoaren arabera: AMPA hartzaileak, kainato hartzaileak, NMDA hartzaileak edo glutamato hartzaile metabotropikoak (mGlu). AMPA, kainato eta NMDA hartzaileak ionotropikoak dira eta beraz, ligando menpeko kanal ionikoak dira. Agonistaren baturak kanalaren konformazio irekia eragiten du, kaltzio ioien sarrera baimenduz. Kaltzio intrazelularrak zelularen seinaleztapen mekanismoak aktibatzen ditu. Hartzaile metabotropikoak, ordea, G proteinei baturiko hartzaileak dira (GPCR, ingelesetik G protein coupled receptor). Agonistaren baturak mezulari sekundarioen sintesia eragiten du (hala nola, inositol trifosfato -IP3-, AMP zikliko edo Ca++).

Ikerketek erakutsi duten moduan, organismoaren glutamatoaren %99-a intrazelularra da; hots, neuronen zitoplasman edo besikuletan metatzen da. Zelula barneko glutamatoa inaktiboa izango da, eta soilik medio extrazelularrera jariatzen denean aktiboa da. Izan ere, glutamato eta hartzailearen arteko elkarrekintza medio extrazelularrean gertatzen da. Burbuineko glutamato mailak estuki erregulaturik daude: glutamatoaren sintesia, jariapena, birxurgapena eta degradazioa prozesu mugatzaileak izango dira eta glutamatoaren kontzentrazioa determinatuko dute medio extrazelularrean.

Glutamatoaren funtzioa hartzaile glutamatergikoen menpekoa da. Nerbio sistema ia zelula guztiek gutxienez hartzaileetako bat du eta beraz, glutamatoak burbuineko eremu guztietan du eragina. Hartziale motaren eta honen banaketa anatomikoaren arabera glutamatoarekiko erantzuna desberdina izango da. Bereziki plastizitate neuronalean, kognizio eta memorian deskribatu da glutamatoaren eragina, kortex eta hipokanpoan hain zuzen ere.