Erribosomak
Erribosomak proteinen sintesirako konplexu supramolekularrak dira, RNA erribosomiko (rRNA) eta proteina erribosomikoek osaturikoak. Erribosomak zitoplasman aske edo gehienbat erretikulu endoplasmatikoari baturik daude. Erribosomek RNA mezulariaren sekuentzian oinarriturik aminoazidoen polimerizazioa bideratzen dute; horretarako, RNA mezularia eta aminoazidoen arteko itzulpena kodoien kodean oinarritzen da.
Erribosomen azpiunitate desberdinak bereizteko Svedberg jalkitze abiadura (S) erabili ohi da, tamainaren ordez. Erribosoma bakoitza bi azpiunitate desberdinek osatzen dute: prokariotoetan 30S eta 50S azpiunitateek 70S motako erribosomak osatzen dituzte; eukariotoetan, ordea, 40S eta 60S azpiunitateek 80S erribosomak osatzen dituzte. Azpiunitate bakoitzak askotariko rRNA eta proteina molekula ditu, espezializazio maila handikoak: esaterako, eukariotoen erribosomek 4 rRNA eta 82 proteina desberdin dituzte.