Erretikulu endoplasmatikoa

Erretikulu endoplasmatikoa zelula eukariotoen zitoplasman antolaturiko mintzezko sistema jarraia da, egitura tubulur edota zaku zapalek osaturikoa. Funtzio ugari eta anitz ditu, baina nagusiki proteina sintesi, tolesdura, eraldaketa eta garraioa burutzen ditu.

Zelula motaren arabera, erretikuluaren morfologiak eta funtzionalitateak desberdinak dira; esaterako, proteina sintesi maila altuko zeluletan (adibidez, neuronetan) erretikulu endoplasmatikoa pikortsua da, pikorrak asoziaturiko erribosomak izanik. Proteina sintesi maila baxuko zeluletan ordea (adibidez, muskulu zuntzetan), erretikulu endoplasmatikoa leuna da, eta ez du erribosomarik asoziaturik.