Epigenetika
Epigenetika DNA sekuentzian aldaketarik sortu gabe fenotipoaren aldakortasunak aztertzen dituen genetikaren adarra da; zehatzago, kromosoma elkarrekintzak eta DNA sekuentziarekiko independenteak diren gene adierazpen patroiak aztertzen ditu epigenetikak. Aldakortasun epigenetikoak garapen eta ugaltze faseetan ezarri ohi dira (gametogenesi eta enbrioi garapenean) eta belaunaldietan zehar gene adierazpen patroiak aldatu daitezke DNA sekuentzia aldatu gabe.
Maila biokimikoan, modifikazio epigenetikoek kromatinaren konformazioaren aldaketak eragiten ditu; izan ere, kromatinaren eraketak geneen aktibitatea eta transkripzioa determinatzen du hein handi batean. DNA metilazioa (DNAme), histona aldaerak, histonen modifikazio post-transkripzionalak, kromatinari asoziaturiko proteinak eta non-coding RNA-k, besteak beste, aldaketa epigenetikoak ezartzen dituzten mekanismoak dira. Mekanismo horien aktibazioa zelularen inguruneak baldintzaturik dago, desberdintzapen seinale, nutrizio eta ingurumen faktoreek, besteak beste; guztiak seinale epigenetiko kontsideratu daitezke.