Efektu fundatzailea
Populazio genetikaren arloan, efektu fundatzaileak aldakortasun genetikoaren urritzea azaltzen du, populazio berri bat indibiduoen talde murritz batetik sortzen denean. Funtsean, fenomeno hau indibiduoen talde txiki bat populazio handi batetik banatu eta isolaturiko lurralde batean populazio berri bat sortzen duenean gertatzen da. Oro har, talde fundatzailearen ezaugarri genetikoak (genotipo eta fenotipoa) ez dira jatorrizko populazioaren adierazgarriak. Ondorioz, bi gertaera nagusi ematen dira: alde batetik, sortu berrian den populazioak aldakortasun genetiko urria izango du; beste alde batetik, populazio berriaren aleloen maiztasunak desberdinak izango dira jatorrizko populazioarekin alderatuz.
Efektu fundatzailea lehendabiziz Ernst Mayr-ek deskribatu zuen 1942. urtean, hainbat ikerketa eta Sewall Wright-en lanean oinarriturik. Fenomeno hau sakonean ikertu izan da amish gizartean; izan ere, amish herriak indibiduo bikote gutxi batzuetan oinarritzen dira eta guztiz isolaturik gizarte berri bat sortzen dute.