Disbiosia

Disbiosia, disbakteriosi bezela ere ezaguna, organismo bati asoziaturiko mikrobioen desoreka da, hots mikrobiotaren asaldura. Mikrobiota organismo batekin sinbiosian elkarbizi den mikroorganismoen komunitate konplexu eta anitza da. Baldintza osasuntsuetan, mikroorganismo espezie onuragarri eta kaltegarri proportzioa orekatua izan behar du; bestalde, organismo baten mikrobiota atalen bat – azaleko, hesteetako, ahoko mikrobiota, besteak beste- asaldatu egin daiteke, mikrobio onuragarrien proportzioa murriztuz edota kaltegarriena handituz. Disbiosia hesteetan gertatzen da maiz eta normalean bakterio (SIBO, ingelesetik small intestine bakterial overgrowth) edo onddoen (SIFO, ingelesetik small intestine fungal overgrowth) gehiegizko hazkuntzaren ondorioz.