Birkonbinazio genetikoa

Birkonbinazio genetikoa DNA molekulen arteko material genetikoaren trukaketari deritzo; hain zuzen ere, birkonbinazio genetikoan bi DNA molekularen haustura fisikoa, sekuentzien trukaketa eta berlotzea gertatzen dira. Oro har, birkonbinazio adierak DNA molekulen berrantolamendu fenomeno desberdinak eta hauen mekanismoak jasotzen ditu. Izan ere, material genetikoaren berrantolamendua era askotara gertatu daiteke, organismoaren edota testuinguruaren arabera.

Organismo eukariotoetan meiosiko elkargurutzamenduan birkonbinazio homologoa gertatzen da; prozesu honetan, kromosoma homologoen (gene berdinak kodetzen dituztenak) sekuentziak parekatu eta kromosomen arteko trukea gertatzen da. Modu honetara aleloen konbinazio desberdinak eratzen dira, belaunaldien arteko aldakortasun genetikoa sortzen duena.

Birkonbinazio genetikoa beste hainbat prozesutan gertatzen da. Hala nola, V(D)J birkonbinazioa ugaztunen immune sistemako linfozitoetan (B eta T zeluletan) gertatzen da eta modu honetara antigorputzen klase aldaketa baimentzen du.

Organismo prokariotoetan, birkonbinazio genetikoa DNA konponketa mekanismo moduan gertatu ohi da. Hortaz gainera,  bakterioen birkonbinazioa bi organismoren arteko material genetikoaren trukea da, geneen transferentzia horizontala bezela ere ezagutzen dena.

Laborategian, birkonbinazioa in vitro maiz burutzen da DNA birkonbinatua lortzeko; hots, DNA molekulen sekuentziak manipulatzen dira geneak txertatzeko, ezabatzeko edo aldatzeko. Teknika honetarako errestrikzio entzimak eta ligasa entzimak erabiltzen dira.