Azetilkolina
Azetilkolina (ACh, ingelesetik acetylcholine) animalia espezie askotan ekoizturiko molekula organikoa da, burbuin eta gorputzean zehar neurotransmisore funtzioa duena; hots, neurona zelulek ACh jariatzen dute seinale kimiko moduan eta itu zeluletan erantzun bat sortzen dute (ondoz ondoko neurona, guruin zelula edo zelula muskularretan).
Sintesia
ACh molekula azido azetiko eta kolina molekulek osatzen dute ester loturaren bitartez loturik. Kolinaren amonio taldeak ACh molekula hidrofobikoa izatea eragiten du, eta ondorioz honek ezin du odol-burbuin hesia zeharkatu. ACh-ren ekoizpen eta aktibitateari erlazionaturiko zelula eta mekanismoei kolinergiko deritze (adibidez, neurona kolinergikoak); aldiz, ACh-ren aktibitatearen aurkako mekanismoei antikolinergiko deritze.
ACh-ren sintesia neurona populazio jakin batean gertatzen da, neurona kolinergikoetan, hain zuzen ere. Azetil-CoA eta kolina molekuletan oinarriturik kolina azetiltransferasa entzimak ACh sintesia katalizatzen du. Azetil-CoA molekula pirubatoaren eratorria da, azken hau berriz glukosa metabolismoko produktua dena. Kolinaren iturri nagusia fosfatidilkolina da, elikaduraren bitartez lortu daitekeena; hala ere, neuronek ACh-ren hausturan askaturiko kolina berreskuratzen dute, garraiatzaile espezifikoen bitartez arrail sinaptikotik zitoplasmara importatuz. ACh-ren sintesia neurona kolinergikoen zitoplasman gertatzen da batez ere, eta besikula presinaptikoetan metatzen da. Akzio potentzialen ondorioz ACh exozitosi bitartez jariatzen da arrail sinaptikora. Bestalde, esterasa entzimek ACh molekularen haustura eragiten dute eta bi entzima desberdin identifikatu dira: azetilkolinesterasa eta butirilesterasa. Azetilkolinesterasa arrail sinaptikoan da ugaria eta ACh kontzentrazio egokia mantentzen du sinapsian.
Funtzioa
ACh nerbio sistema zentral (NSZ) zein periferikoan (NSP) du funtzioa. NSZ-n funtzio kognitiboan eta memorian du eragina; NSP-n ordea, azetilkolinak muskuluen uzkurdura eragiten du eta sistema autonomikoko neurotransmisore nagusia da.
- ACh-k muskulu eskeletiko edo ildaskatuaren borondatezko uzkurdura eragiten du. Muskuluaren uzkurdura eragiteko, ACh plaka neuromuskularreko hartzaileetara batu behar da. Plaka neuromuskularra neurona motoreen eta zuntz muskularraren arteko sinapsi gunea da; neurona motoreetan akzio potentzialak proiekzioetan zehar garraiatzen dira eta ACh-ren jariapena eragiten dute.
- Nahigabeko eta ez-borondatezko mugimenduak kontrolatzen ditu, sistema autonomo sinpatiko eta parasinpatikoaren bitartez. Nerbio sistema autonomoa neurona preganglioniko (NSZ-ean), neurona ganglionar eta postganglionikoek osatzen dute eta hauen arteko sinapsiak ACh-ren neurotransmisioan oinarritzen dira askotan (salbuespenez, sistema sinpatikoko neurona postganglionikoetan noradrenalina jariatzen da).
- ACh-ek erantzun baskularra eragiten du; odol-hodietako zelula endoteliarretan hartzaile zelularretara batu eta oxido nitrikoaren ekoizpena emendatzen du. Ondorioz, odol-hodiak erlaxatu eta basodilatazioa gertatzen da.
- NSZ-ean, ACh funtzio garrantzitsua betetzen du plastizitate neuronalean, saritze funtzioan eta kitzikapen sexualean. Enbor entzefalikoan neurona kolinergikoak konplexu pontomesenzefalotegmentalean antolatzen dira eta entzefaloan Meynert nukleo basalean antolatzen dira.
Maila zelularrean, azetilkolinak mintz zelularreko hartzaileen bitartez ekiten du. Bi hartzaile kolinergiko mota bereizten dira, nikotiniko eta muskarinikoak, aktibitate eta egitura desberdinak erakusten dutenak; gainera, hartzaile muskariniko eta nikotinikoek muskarina eta nikotina ligandoekiko afinitate desberdina erakusten dute, hurrenez hurren.
Hartzaile nikotinikoak ligando menpeko hartzaile ionikoak dira, kaltzio, sodio eta potasioarekiko iragazkorrak; hots, mintzean txertaturiko proteina transmintzak dira eta agonista batzearen ondorioz, mintza zeharkatzen duen poro egitura konformazio irekia lortzen du. Poroaren irekierak ioien fluxua baimentzen du, ioien kontzentrazioa eta karga elektrikoa mintzean zehar aldatuz. Guzti honek, seinaleztapena piztu dezake medio intrazelularrean.
Hartzaile muskarinikoak G proteinei baturiko hartzaileak dira (GPCR, ingelesetik G protein coupled receptor) eta agonistaren baturak mezulari sekundarioen ekoizpena pizten du medio intrazelularrean. Bost hartzaile muskariniko azpimota identifikatu dira gizakiotan, mekanismo desberdinak dituztenak (G proteina desberdinak batzen dituzte, hain zuzen ere).