Akuiferoak

Akuiferoak (latinezko aqua, “ura” eta fero, “eraman”, hitzetatik) bere baitan, lur azpian alegia, ura mugimenduan duten formazio geologikoak dira. Munduan, akuiferoetako ura ur gezaren gordailu nagusienetakoak dira. Gehienetan hondarrez eta legar edo hartxintxarrez osaturiko formazioak dira, edo granitoz edo beste harri konpaktozkoak, hautsita daudenean, ura eduki eta eramateko ahalmena dutenak, harri iragazkor edo permeableak alegia. Loturiko kontzeptuak dira akuikludoa (ura daukan formazioa, non ura ez den mugitzen, adibidez buztinez osaturikoak -buztinek ura dute baino ez da mugitzen haien baitan, eta beraz ez dira iragazkorrak-), akuitardoa (non ura zailtasunez mugitzen den, adibidez hondar eta buztinez osaturiko formazioetan) eta akuifugoa (ura ez duten formazio geologikoak, ura ez baita jariatzen bere baitan, hautsi gabeko granitona adibidez). Orokorrean, akuiferoen existentzia baldintzatzen duen faktore nagusiak formazioko harriaren porositatea (ura edukitzeko ahalmena) eta permeabilitate edo iragazkortasuna (ura mugiarazi egiten duen propietatea); adibidez, buztinak porositate handia du baino iragazkortasun eskasa, eta horregatik ez dira sortzen akuiferoak buztinezko formazioetan. Akuiferoetan, ura iristen den mailari maila freatiko deritzo.

Alde batetik, akuifero konfinatu edo itxiak ditugu, non haien goi mugan presioa presio atmosferikoa baino handiagoa den: azpiko ura nolabait presiopean dago, itxita,eta putzu bat egiten denean, urak igo eta kanpora ateratzeko joera izango da, kanpoko presio txikiagoaren eraginez. Akuifero konfinatuen goiko geruza harri iragazgaitzez osaturik dago. Putzu bat eginda, ura igotzen den formazioko mailari maila piezometrikoa deitzen zaio, azalera heldu daitekeena, iturriak sorraraziz. Ura presioaren eraginez igotzen denez, akuifero itxietan ura ateratzeak ez dakar maila freatikoaren jaitsiera.

Beste alde batetik, akuifero konfinatu gabeak, irekiak edo askeak ditugu, non maila freatikoko presioa presio atmosferikoaren berdina den. Akuifero haietatik ura ateratzen bada, maila freatikoa jaisten joango da. Prezipitazio handien ondorioz, akuiferoa betetzen denean, maila freatikoa goraino iristen da eta aintzirak sortzen ditu.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, aquifer; gaztelaniaz, acuífero.

Erreferentziak