Minbizia

Minbizia zelulen hazkuntza oldarkorrarengatik eta zelulen hedatze eta inbaditze gaitasunagatik ezaugarritzen diren gaixotasunen multzoa da. Hala, minbizia tumore onberetatik bereizten da, azken hauek gorputzean zehar zabaltzeko gaitasunik ez dutelako, hain zuzen ere.

Funtsean, minbiziaren garapena zelulen hazkuntzaren erregulazioa haustean oinarritzen da; hots, zelularen hazkuntza eta proliferazioa kontrolatzen duten geneak (onkogene edo gene tumore supresoreak) eraldatzen dira, maila genetiko edota epigenetikoan.